HurryTimer: Invalid campaign ID.

Sobre nosotros

Hernani Burujaberen aterki-pean

Burujabetzak Jardunaldiak Hernani Burujabe egitasmoaren aterkipean mamitutako jardunaldiak dira, Udalbiltza, Hernaniko Udala eta Bidea Hernaniko herritar taldeak elkarlanean bultzatuak.

Hernani Burujabe egungo ereduaren alternatiba gisa sortutako egitasmoa da. Izan ere, orain arte jarraitu dugun ereduak agorpenara garamatza; ibili dugun bidearen mugara iritsi garenaren zantzu guztiak ditugu. Bizi dugun ereduak sortutako arazo eta kontraesan guztien aurrean aurkitzen gara: larrialdi klimatikoa, ondasun naturalen agorpena, desberdintasun sozial, ekonomiko eta territoriala, zaintzen krisia, krisi ekonomikoa…

Bidegurutze baten aurrean aurkitzen gara eta bestelako norabide bat hartzeko unea iritsi da.

Bestelako norabide horrek Hernanin, Hernani Burujabe du izena. Iparrorratz berri bat da proposatzen duguna, elkarrekin egiteko bide berri baten hasiera; bizitza posible egiten duten sektore estrategikoen gaineko kontrola berreskuratzea helburu duten ekimen ekonomikoek osatutako bidea.

Hernani Burujabe proiektuak Lurralde Burujabetza gauzatu nahi du justizia soziala, iraunkortasuna eta parekidetasuna ardatz hartuta. Horretarako, baliabide ekonomikoen gaineko jabetza publiko, planifikazio komunitario, eta kudeaketa kooperatiboa sustatzen ditu elikadura; energia; zaintza lanak; telekomunikazioak; kultura; etxebizitza; moneta bezalako sektoreetan esku hartuz.

Hernani Burujabe lurraldea burujabetza klabeetan berrantolatzeko saiakera bat da, lurraldearen dinamika ulertzeko marko bat da, ekintza eraldatzailea hauspotzeko proposamen teoriko eta praktiko bat.

Herrigintza eta udalgintza egiteko moduak partekatzea helburu

Burujabetzak Jardunaldien bidez burujabetzak lantzeko helburuarekin udalgintza eta herrigintza egiteko moduak hernaniarrekin eta Euskal Herriko beste udalerrietako herritar, teknikari eta hautetsiekin partekatu nahi dira. Izan ere, Euskal Herri zabalean ere hamaika dira  burujabetzen aterki-pean koka daitezkeen esperientziak; esaterako, jardunaldi hauetan landuko ditugun elikadura, zaintza, lana eta hezkuntzaren sektoreetan aurki ditzakegunak.

Horrela, esperientzia metatu guzti hori aintzat hartu, egungo lurralde erronkei lotu eta modu egituratu eta sistemikoan artikulatzea da aurretik dugun erronka. Ez da hutsetik hasten den planteamendua, baizik eta urte luzeotan egindakoa berrinterpretatu eta nazio mailako marko berri baten baitan kokatzeko proposamena da bi egunotan aurkituko duzuna. Horrenbestez, jardunaldi hauetan proposatuko dugun eredu horrek herrien auto-eraketa sozial, ekonomiko, kultural, politiko eta territoriala hauspotzen du, eta ondorioz, Euskal Herriko burujabetza materialki gauzatzeko bide-orria eskaintzen du.

Zertaz ari gara “burujabetzaz” ari garenean?

“Burujabetzaz ari garenean herri eta komunitateek eurek erabaki bezala garatzeko beharrezkoak dituzten baliabide, jakintza eta prozesuen inguruko jabetza, erabakimena eta ekiteko gaitasunaz ari gara.”

Burujabetza helburu, elkar-ekintzan oinarritu

Hernanin jabetza, erabakimena eta ekiteko gaitasuna lortzeko, elkarlanean oinarritzen gara, zehazki 3 agente multzoren elkar-ekintzan:

  1. Herritarra
  2. Publikoa
  3. Ekonomikoa

Erpin herritarra: eragile, elkarte edota norbanakoak: Objektu eta subjektu, helmuga eta bide, komunitatea dago proposamenaren erdigunean. Lurralde garapenaren abiapuntua komunitateak markatzen dituen behar eta desirak dira. Horrela bada, demokratikoak izango diren erabaki markoak eraikiko dira.

Erpin Publikoa: Ondare komunaren babesle, interes orokorraren defendatzaile eta eskubideen unibertsaltasunaren berme. Sektore publikoak bitarteko ekonomikoen jabetza eduki behar du eta horiekiko irismen unibertsala ahalbidetu. Herritar guztiek eduki behar dute sustatuko diren prozesuetan inplikatzeko eskubidea eta aukera. Gainera udalak beharrezkoak diren mekanismo berdintzaileak jarri beharko ditu ekitate soziala bermatze aldera.

Erpin Ekonomikoa: tokiko garapenarekin konprometitua dagoen ehun ekonomikoa: Sistema ekonomikoak jendartearen beharrak ase behar ditu. Horretarako, ehun ekonomikoak bitartekoak dinamizatuko ditu  herritarrak egindako plangintza demokratikoaren arabera. Kasuan kasu, egitasmo ekonomiko berriak sortu beharko dira aipatu terminoetan, akaso udala eta herritarrak bilduko dituen egitasmo kooperatibo publiko/komunitario zabaletan. “Herri kooperatibak”, zeinak gehiengoen behar sozialak modu demokratikoan asetzera bideratuko diren.